LITERATURA

“Itzalen sua” proiektuaren aurkezpenak

Gaumin osatzen duen kolektiboak indartsu hasi nahi du urtea, eta hala, aste honetan bertan, Itzalen sua aurkeztuko dute Azpeitian. Ostegunean izango da San Agustin Kulturgunean.

Baina zer da proiektu hau? “Itzalen sua biharko liburua da. Ez. Ez da liburua: testuaren inguruan eta gainean, ilustrazio zinematikoa eta interaktibitatea du nagusi. Musika eta estilismoa. Makillajea eta antzezpen bikaina. Teknologiaren hitzak erabilita, Sormena eta Literatura 3.0 dela esan genezake, zinema bera ekartzen baitu paperera. Interakzioa. Artelanen, musikaren, literatur-irakurketen… artekoa. Dena batean biltzen ditu Itzalen suak, ez gaurko, baizik eta biharko begiradarentzat”.

Hala, 19:00etan liburu-aurkezpena eta erakusketaren inaugurazioa egingo da. Erakusketak Xanti Rodriguezek libururako egindako 13 irudi eta bakoitzaren testua bilduko ditu.

Beranduago, 21:30etan, Itzalen suaren aurkezpen-kontzertua egongo da. Diabulus In Musica talde iruñarrak Itzalen sua proiekturako propio sorturiko abestiak taularatuko ditu, Fernando Morillok liburuko hainbat pasarte errezitatuko ditu, Xanti Rodriguezen irudiak proiektatuko dira, Oihana Maritorena aktore eta dantzariak ikuskizuna eskainiko du, eta beste hainbat sorpresa ere izango dira. Bigarren zatian, DIM-ek 2012an kaleratu duen The Wanderer diskoko beste hainbat abesti joko ditu gau-minera iristear.

Aurkezpen-kontzertu gehiago egiteko asmotan dabiltza, tartean Miarritzen eta Iruñean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button