
Frankoren erregimenak Las Baratas izeneko diruz lagundutako etxeak sustatu zituen. Etxe horiek jabeek eraikitzen zituzten estatuaren diruarekin. Leire Ajuriagoxeascoa eraikin horien inguruko argazki erakusketa paratu du Zarauzko Photomuseumen irailaren 1era arte.
Erakusketa osatzen duten argazkiak zuri eta beltzezkoak dira, ia kontrasterik ez dutenak, zuria nagusitzen da, ia ez dago tonu beltzik, irudiak lixibarekin garbituta egongo balira bezala.
“Alde batetik garai hartako bizitza estaltzen zuen atmosfera grisa islatuz, eta bestetik José Saramago-ren Itsutasunari buruzko entsegua obraren elur-antzeko itsutasuna, bat-batekoa eta lizuna gogoratuz”.
Eraikin, kale, errepide eta bestelako elementu urbanoekin batera, soka bat agertzen da sarritan: “talde-lanaren alegoria da, garaiko langile-klasearen nortasun ezaugarria”.
Xabier Sáenz De Gorbearen arabera, “Dena dago aurretiaz aurreikusita Leire Ajuriagoxeascoaren proiektuan. Ez da ezer utzi zoriaren mende, eta irudiek modu bateratuan eta norabide berean jarduten dute. Talde izaera dute, eta planteamendu jakin baten inguruko lan koralaren kutsua ematen diete lanei”.
Eraikinez gain, etxe merke horiek bete zituztenen memoria ere jorratu du argazkilariak egitasmoan: “Arkitekturaren eta existentziaren arteko harremana eredugarria eta sintomatikoa izan zen, denborak egiaztatzen duen bezala”.