
Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) Erraiak (Elkar) izenburu bere estreinako eleberria idatzi du; testuak idazle gazteentzako XV. Igartza saria irabazi du. Bikote hausturak emakumezko batengan eragindako obsesioak biltzen ditu liburuak. Gipuzkoarra Itzulpengintzan lizentziaduna da, eta itzulpengintzari buruzko Elearazi bloga ere zuzentzen du.
Liburuaren protagonistak Z mutilagunaren eskutitza aurkituko du etxean; paperak haustura iragarriko dio protagonistari. Apurketa traumatiko horrek protagonistaren bikote-harremanen barruko kontakizuna piztuko du; horretarako, atzera eta aurrera ibiliko da, iraganetik orainera eta orainetik iraganera: Txosnetako musikak eta sustantzia toxikoek berotutako komunetako zirriak; oroitzapen domestiko mingarriak; institutuko sexu-frustrazioak; arteak eta sormenak eragindako aurreiritziak; sexua, suizidioa, lagunak, familia eta literatura (Bukowski, David Foster Wallace, Rayuela…); kasualitatearen ondorioz gertatutako sexu-gau efimeroak eragindako buru-jateak amatatzeko konpultsiboki irensten diren Mars, Toblerone eta Nutella.
Horiek guztiak igaroko dira Sarriugarteren galbahe sentibera, bezain zorrotz, azido, ironiko eta umoretsutik, izan ere, Elgoibarraren idazkerak bizitzaren ikuspegi kritikoa duen gazte baten barruak azalarazten ditu: egunerokotasunaren frustrazioak, bestondoak, hordialdiak, orgasmoak eta klimaxak.
Sarriugartek kontatzeko modu propioa islatu du 173 orrialdetan, eta hori ez da gutxi, lehendabiziko nobela izateko; egundoko ezustea.