
Aste Santuko oporraldiak hiria hustu egin arren, Deustuko Gazte Lokaleko kideek kontzertua ondu dute, asfalto urbanoaren gainean geldituko diren musika zaleak bertara daitezen.
Hala, larunbatean, apirilak 19, hardcore eta punk zaleek hitzordu interesgarria izango dute Deustuko lokal autogestionatuan: Zaragozako Rouille eta Bilboko Killerkume, 20:30ean.
Roullek post-rock herdoildua jotzen du, eta kideak hainbat taldetan aritutakoak dira: Amanda Woodward, Interlude, Visión Túnel… Killerkume, berriz, bi musikari bilbotarrek osatutako noise-rock-shit estiloko taldea da. Bi musikari horiek ere hamaika egitasmotan jo dute: Mirage, Loan…
Bestalde, egun berean, baina Bergarako gaztetxean beste kontzertu potente bat izango da, 22:30ean: Minority of One (Xerez, hardcore melodikoa), Hondartza Hondakinak (Iparraldea, old school hardcore) eta YAW (Donostia, hardcore eta metal).



