MUSIKA

Plateruena sutan, Durangoko Azokan

Durangoko Azokaren harira, Plateruena aretoak hainbat euskal talderen kontzertuak hartuko ditu azokak irauten duen bitartean. Taldeok disko berriak zuzenean aurkezteko irrikan daude.

Hala, 6an, asteazkena, Governors taldeak Z.E.R.O. (Zikloari Ekin dio Rhinopalpak) izenburuko lan berria aurkeztuko du. Boskote arrasatearrak gitarra boteretsu eta metal zaleekin jositako melodia indartsuak bildu ditu grabazio berri horretan.

7an, Arrasateko Arkada Social street-punk taldeak bere 20. urteurrenaren harira plazaratutako lana haizatuko du Plateruenako agertokian. Eromena besarkatzen taldearen bosgarren diskoa da eta Mauka diskoetxeak plazaratu du.

8an, Audience gernikarrek Isla diskoko kantuak joko ditu zuzenean. Kuban grabatutako diskoa da, hango musikarien ekarpenarekin, eta ukitu latinoa nabarmena izangatik ere, askotariko kantuak biltzen ditu. Hala, diskoak alde latindarra eta ohiko kutsu country-a ez ezik bestelako sonoritateak ere haizatzen ditu.

9an, Glaukoma tolosarrak arituko dira. Gipuzkoarrek Kalima izenburuko lan berria plazaratu du. Vol. 1 eta Vol. 2 diskoen ostean, gipuzkoarrak disko berria grabatu dute Bonberenean, Karlos Osinaga Txap teknikariaren gidaritzapean. Taldearen lan helduena da, bai eta sendoena ere. Hitzen aldetik, gordinak dira, baina umorez eta ironiaz beteak. Diskoak rap estiloaren inguruan ardazten diren hamahiru kantu biltzen ditu, bestelako estiloei bizkarra eman gabe, reggae, funk, pop edo dancehall, besteak beste.

Azkenik, 10ean, Jabier Muguruzak joko du. Irundarrak jauzi handia egin du azken diskoan, Leiho bat zabalik, grabazioan bildutako zortzi kantuak formatu elektrikoan ondu baititu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button