ARTEA

“Hiri asko bere baitan” proiektuaren argazki-erakusketa

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren Gazteria zerbitzuak antolatutako Ideiak Martxan lehiaketaren saridun suertatu zen proiektuetariko bat, Hiri asko bere baitan izeneko egitasmoa izan zen. Gaur, azaroaren 14ean, ostirala, Hiri asko bere baitan proiektuaren argazki-erakusketaren inaugurazioa egingo da.

Sorkuntza, Bilbo eta euskara ardatz hartuta, literatura, musika eta argazkigintza nahastu nahi ditu ekimen honek. Bertan, hiru adiskide daude: Aitor Gomez, Asier Olabarrieta eta Unai Villena.

“Bilboko zortzi barrutietan barrena bidaia eginez, gure irudimenarekin unibertso bisual, literario eta soinudun propioa sortu eta hiriaren ikuspegi berri bat eman gura dugu. Zortzi hilabete (2014ko apiriletik azarora arte) iraungo dituen sorkuntza prozesuan zehar, hiruon artean zortzi argazki-testu-musika-lan edo obra sortu ditugu, Bilboko barruti bakoitzeko bana. Obra hauek formatu ezberdinetan eman ditugu ezagutzara: birtualki (blog batean eta liburuxka digital batean) eta fisikoki (ikus-entzunezko emanaldi baten bidez, argazki erakusketa batean, eta liburuxka+CD batean). Blogean hilabetero publikatu dugu obra berri bat eta sare sozialetan ere izan gara” adierazi dute hirurok.

Diogun bezala, gaur, azaroaren 14ean, ostirala, Hiri asko bere baitan proiektuaren argazki-erakusketaren inaugurazioa egingo da. Ekitaldia Okela Sormen Lantegian (San Frantzisko 11, Bilbo) izango da 19:30etik aurrera. “Argazki-erakusketak, proiektuan zehar garatu dugun eta Bilboko ikuspegi berri bat ematen duen unibertso bisual-soinudun-literarioa biltzen du” adierazi dute kideek.

Argazki-erakusketa azaroaren 14tik 27ra izango da Okela Sormen Lantegian ikusgai, astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara.

Nontzeberrik kideei egindako elkarrizketa honetan irakurri ahal dituzue proiektuaren nondik norakoak sakonago. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button