IKUS-ENTZUN

“Manifestu Filmiko Feministak”, Feministaldia jaialdiaren eskutik, Donostian

Feministaldia jaialdian murgilduta dago Donostia, sortzaile eta kultura feminista ikusarazi eta sustatzeko, eta hiria askotariko jarduerez jantzi dute. Hala, Manifestu Filmiko Feministak ekimena antolatu dute igandean, Mostra Internacional de Films de Dones eta Centre de Cultura Contemporània de Barcelona kolektibo feministekin  elkarlanean antolatutakoa.  Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroko zinema aretoan izango da hitzordua, saio bikoitzarekin. Lehena, arratsaldeko 17:00etan, eta bigarrena, 19:00etatik aurrera.

Bi saioetan,  ikus-entzunezkoen industriako ekoizle, zuzendari, edota gidoigile emakume eta feministen lanak  edota film laburrak eskainiko dituzte. Aurkezpen lanetan, Blanca Alvarez arituko da, Mostra Internacional de Films de Dones kolektiboko kidea.
Hala, 17:00etako saioan, hiru film labur proiektatuko dituzte: Cosas de mujeres  (Rosa Martha Fernandez. Mexiko, 1978); Pond and Waterfall (Barbara Hammer. AEB, 1982); eta  Cosmetic Emergency  (Martha Colburn. Herbehereak-Kanada, 2005) .
Cine-Mujer kolektiboak ekoitzitako dokumentala da lehena. Bertan, Mexikon legez kanpoko abortuek eragiten duten arazoa salatzen da, ikasle gazte baten kasua abiapuntu hartuta. Abortuak egin dizkieten beste zenbait emakumeren testigantzak entzungo ditu protagonistak eta herrialde horretan  baldintza tamalgarrietan egindako ebakuntzek eragindako heriotzen datu izugarriak ematen ditu filmak.
Barbara Hammer zuzendari estatu batuarraren filmak, aldiz, Annie Sprinkle eta Elisabeth Stephens-ek idatzitako Ecosex Manifestua du ardatz, ekofeminismoaren kulturaz diharduena.
Eta Cosmetic Emergency  laburra, animaziozko lan lirikoa da, musikaletatik borroka-eremura doazen esku-hartzeak, edertasunaren ideiatik gerrara, edota gorputzen esku-hartzetik espazioaren okupazio kolonialera doazenak jasotzen dituena.

Eta 19:00etako saioan, Erromako Colletivo Feminista Cinema-Romak ekoitzitako  L’aggettivo donna (Italia, 1971) proiektatuko da. Italiako lehen film feministatzat jo izan da filma hau eta antolatzaileen esanetan “emakumeei eskainitako eta emakumeei buruzko pieza militantea da”.  Colletivo Femminista Cinema-Romaren lehen lana da, eta bertan, “askotariko emakumeen egunerokotasun politizatua islatzen da:  etxean lan egiten dute, fabrikak okupatzen dituzte, euren sexu bizipenak kontatzen dituzte, abortu klandestinoak, eta hezkuntza patriarkala salatzen dute, estatua erromatarren zakilen lehen planoen eta filosofo handien aipu misoginoen artean”.

Feministaldia jaialdiak, hala ere, aurrera egingo du, eta abenduaren 14 bitarte askotariko ekimenak garatuko dira, esaterako, hitzaldiak, performanceak, mahai inguruak, antzerkia eta azken egunean La Basu, Folkaraokea eta Sobri&Serena Dj-en jaialdi handia.

Egitarauaren xehetasun guztiak dituzue, Feministaldia 2019 web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu