MUSIKA

Gatibu, toki ezezagunetara

Gatibu taldeak Azken indioak izenburuko lan berria aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Laukoteak zazpi kantu bildu ditu diskoan, AEBetako Texasen kokatutako Sonichranch estudioetan jasoak eta Santi Garcia teknikari katalan ezagunak ekoitziak.

Haimar Arejita gitarra-jotzaileak azpimarratu duenez, taldeak bide berriak ezagutzeko premia izan du, eta hori izan da motibazio nagusia. “Disko hau geltoki berri bat, abentura berria bat da”.

Hala, eta “aurreko metodologiak apurtzeko asmoz”, Atlantikoa zeharkatu eta Texasera joan dira lau musikariak. “Sonichranch estudioa musikarientzako Disneyland bat da”, esan du Haimarrek. Teknikoki bitarteko “liluragarria” da, eta hori baliatu dute bestelako sonoritateak sortzeko. “Hitzen eta musikaren arteko sinbiosi lortu nahi izan dugu, osotasun bat, eta horretarako sonoritate berrietara egin dugu salto: Hammond teklatuak, sintetizadoreak, perkusioak eta haize atala sartu ditugu kantuetan”, azaldu du Gaizka Sañazar bateria-jotzaileak. “Soinu-jauzi horretan Santi Garciaren lana ezinbestekoa izan da”, gehitu du Haimarrek. Estreinakoz aritu dira ekoizle batekin.

Letrak, bestalde, askotarikoak dira. “Alaiak, goxoak, Erriberari lekutxo bat egin diogu”, esan du Alex Sardui abeslariak. Halere, letrak, eta diskoa bera, izenburuak islatzen den kontzeptuaren inguruan ardazten da: “Kultura txikien inguruko lan bat da”, azaldu du Mikel Caballero baxu-jotzaileak.

“Gu ere apur azkenengo indioak gara zentzu batean, Europako hizkuntza zaharrenetako batekin komunikatzen baikara, baina moderno izan nahi dugu, bai eta euskal kulturaren transmisioan beste katebegi bat ere. Jarrera positiboarekin eta alai, baina izenburuaren bidez gure kulturaren inguruko gogoeta serioa sustatu nahi dugu”, azaldu du Haimarrekin.

Taldeak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan aurkeztuko du disko berria, abenduaren 15ean. 2019ko urtarrilaren 12an, halaber, Bilboko Santana 27 aretoan izango da. Otsailaren 16an, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean; martxoaren 23an, Parisko Euskal Etxean; 29an, Atarrabiako Totem aretoan; eta apirilaren 12an, Miarritzeko Atabalean. Tartean, Madril, Caceres eta Sevilla ere joko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu