
Joan den ekainaren 28an abiatu zen Bizkaiko Atxondon Kale Antzerkia Bultzatuz izeneko ekimena Barsanti taldeak egin zuen Kale Gorrian izeneko piezarekin.
Bihar, uztailak 15, izango du jarraipena ekimenak, 20:00etan, Orain-bi Zirko taldeak egingo duen Mute antzezlanarekin. “…eta egun batean, iragana gure bizitzetara itzuli zen, eta gure sentitzen dugun guztiarekin topo eginarazi zigun. Gure antzokian berriro elkar ikusi genuen, urteen joana erakusten zuen hautsak guztia estaltzen zuen, eta bizitza berri horretara eraldatuta zirkuko gure ikuskizunak berpizten genituen bitartean, aldi berean gu ere mutatzen ari ginela sentitzearen magia sortu zen!. Mutazioa etengabeko zerbait da. Ez daitezela zomorroak bakarrik mutatu. Muta ditzagun egiturak, bai eta gu, pertsonak ere, aurrera egiten jarraitzeko, urrunago, gorago, iristeko; are eta zailagoa den horretara!”
Irailaren 4an izango da azken saioa, eta zita horretan, Trapu Zaharrak Azkena eta Bagoaz izeneko saioa egingo du. “Onenean ez dagoen kale-antzerkiko aktore batek aretoko antzerkiarekin probatzea erabaki du. Bere helburua lortzeko, antzerki klasikoko aktore batekin elkartuko da, eta obra berri bat muntatuko du: Bost ordu Mariorik gabe. Dirua biltzeko, berriro zapalduko ditu aurreko konpainiarekin jorratutako plazak”.



