
Umore Azoka Leioak maiatzaren 18tik 21era ospatuko den jaialdian parte hartuko duten 50 konpainiak jakinarazi ditu. Jasotako 500 proposamenen artean Euskal Herriko 22 konpainia, Estatuko 20 eta atzerriko 8 aukeratu dira.
Umore Azokaren antolatzaileek estreinaldi ugari izango direla aipatu dute,: “Aurreko edizioetan bezala, programatutako ikuskizun gehienak estreinaldiak izango dira, sektore profesionalean, behintzat, eta Leioara doazen ikus-entzuleek, egungo kaleko arte panoramako konpainia garrantzitsuenetako batzuen orain arte ikusi gabeko proposamenak ikusteko aukera izango dute. Horrela, udalerriko kaleek erabateko 22 estreinaldi, kaleko 3 estreinaldi, estatu mailako 2 estreinaldi, aurre-estreinaldi bat eta work in progress bat jasoko dituzte”.
Azokaren barruan Bertako Eszena ekimena ere antolatuko da “hemengo talentuaren aldeko apustua” bermatzeko.
Guztira, 150 emanaldi baino gehiago izango dira, doako sarrerarekin eta ikus-entzule guztientzat egokiak diren diziplina anitzetan musika, bertsolaritza, magia, clowna, piroteknia, multimedia, txotxongiloak eta automatak, eta baita fakirismoa ere. Euskal Herriko 22 konpainiek 23 ikuskizun eskainiko dituzte, eta horien arteko 16 lehen aldiz ikusi ahal izango dira. Beste aldetik, Hungariatik, Herbehereetatik eta Suitzatik etorritako taldeak ere izango dira Leioan.