
Bilboko Institut Français-ek eta Bilboko La Fundicion aretoak lankidetza lana hasi zuten aurten, EAEko bi dantza konpainia Biarritzen aurkezteko, eta Bilbon, berriz, Frantziako konpainia bat ezagutarazteko asmoz. Ekimena MBB-ko Centre Chorégraphique Transfrontalier Ballet T-ren dantza sustatzeko egitasmoaren baitan dago.
Hala, 2013an Biarritzen euren ikuskizunak aurkeztuko dituzten dantzariak Olatz de Andres, Leire Ituarte eta Mizel Theret izango dira, Privolva, @leph eta Hiru zitroin lur hotzean lanekin, hurrenez hurren.
Asteon, hilaren 26tik 28ra bitarte, hiru dantzari horiek Biarritzen izango dira Begirada gurutzatuak izenburuko zikloaren baitan, zeinak Euskal Herriko dantza garaikidea erakusketa duen xede: 26an, entsegu irekia izango da Olatz De Andres eta Mizel Théret-en eskutik, 19:00etan; De Andresek eta Traversée konpainiak, halaber, tailerra zuzenduko dute 20:00etan.
Hilaren 27an, Leire Ituartek tailerra gidatuko du, eta iluntzean ikuskizuna izango da: Olatz de Andresen Privolva.
Hilaren 28an, halaber, proiekzioa izango da, Carolina de Otero eta Catherine Guillaudek Theret-en Oroitzen Naiz… Je me souviens… obrari buruz egin duten dokumentala, 18:00etan. Gau partean, 20:30ean, Leire Ituartek @leph lana antzeztuko du.
Aukeraturiko bi dantzariei dagokienez, Olatz de Andresek Itzulpengintza eta Interpretazioko, eta Dantza Garaikideko ikasketa unibertsitarioak egin ditu. Hainbat koreografo eta dantzarirekin egin du lan, besteak beste, Mal Pelo, Andres Corchero eta Carmelo Salazar. Horretaz gainera, ondoko ikuskizunak burutu ditu: d-ilista geltokia (2004); Humanos (2005); Yo soy una cosa que dura (2007); Zootropo (2007); Autoría compartida / Desde el ángulo ciego (2008); Autoría compartida / dA cAPO (2009); eta, azkenik, Privolva (2011).
Leire Ituartek, berriz, Doktoretza burutu du Ikus-entzunezko Komunikazioan UPV/EHUn, eta dantza garaikideari eta mugimenduari buruzko prestakuntza independentea eta eklektikoa jaso du. Egin dituen lanen artean ondokoak daude: Delicias de la Civilización (2006); Azul en tres Actos (2008); Look at me, Bang Bang (2009); Mazing (2010), eta, amaitzeko, @leph (2011). Biarritzen aurkeztuko duen azken ikuskizun horretan bidaia birtuala proposatzen dio ikus-entzuleari, banakoen, topaketen, labirintoen eta ispiluen simulazioa.
Biarritzeko egitarauari buruzko xehetasun guztiak lafundicion.org webgunean daude jasota.