
Getxoarte 2014ko epaimahaiak (Ferran Barenblit, Tania Pardo eta Usoa Fullaondo) Praktika Garaikideen Aretoan parte hartuko duten sortzaileak nortzuk diren erabaki du. Guztira, arte diziplina anitzeko 30 proposamen hautatu dira, eta publikoak horiek ikusteko aukera izango du, azaroaren 7tik 9ra Areetako Geltokia plazan.
Aukeratutako 30 proiektuetatik 27 banakakoak dira, eta gainerakoak, talde-lanak. Bestalde, 23 proposamen euskal artistenak dira, horien artean lau sortzaile getxotarrenak daude, eta gainerako 7ak Bartzelonako, Madrilgo, Iruñeko eta Las Palmas de Gran Canariako artistek aurkeztu dituzte.
Betiko legez, Getxoarte 2014an pintura, eskultura, marrazki, ilustrazio eta argazki lanak bilduko dira, baita mota anitzeko instalazio lanak (soinua, bideoa, poesia, performancea…) ere.
Getxoarte 2014k sorkuntza sustatzearen eta hautatutako artisten trebakuntzaren alde egiten du lan. Baina artea erakusteaz gain, aurten Arte Garaikideen Aretoan parte hartuko duten artistak gidatzeko, laguntzeko eta aholkatzeko tokia ere izango da.
Gainera, aretoan hitzaldiak ere egongo dira, arte munduko profesionalen eskutik, eta bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak ere ez dira faltako.
Aurtengo ekimenean dagoen beste nobedadeetako bat sorkuntza artistikoa sustatzeko sortu den saria da. Saria 2.000 eurokoa izango da, eta Getxoarteren Bilduman sartuko da lan irabazlea.