
Leioako Umore eta Kale Artisten Azokaren hurrengo edizioa 2012ko maiatzaren 17, 18, 19 eta 20an ospatuko da, eta antolatzaileek ireki dute bertan parte hartzeko proposamen artistikoak aurkezteko epea. Horrela, azokaren datorren edizioan parte hartu nahi duten konpainia, artista eta elkarteek 2012ko urtarrilaren 30era arte dute epea beren proposamenak aurkezteko.
Azoka, kalea adierazpide eta komunikazio artistikorako bide gisa erabiltzen duten elkarte, konpainia zein artista profesionalen taldeentzat dago zabalik.
Bidalitako oharrean jasotzen denez, hautaketa prozesuan lehentasuna izango dute proposamenak estreinaldiak badira, betiere, Azokako Batzorde Artistikoak behar bezala balioztatzeko denbora izan badu. Bestalde, haurrentzako zein familiarteko publikoari zuzenduriko kale antzerkiko muntaiak aurkez daitezke, musikalak, zirkuaren esparrukoak edo beste edozein eratako ikuskizunak ere.
Parte hartzeko interesa duten konpainia profesionalek postaz bidal dezakete Umore Azokara proposamenaren dokumentazioa (proiektua edo dosierra, fitxa teknikoa, DVDa eta harremanetarako datuak) jarraian zehazten den helbidera: Umore Azoka – Leioako Kale Artisten Azoka; Jose Ramon Aketxe Plaza, 11-4; 48940 Leioa – Bizkaia.
Umore Azokako webgunean ere eskuragarri dago parte hartzeko baldintzei eta proposamenak bidaltzeko moduari buruzko informazio guztia.