Ekainaren 18tik irailaren 27ra arte, Azkuna Zentroan, Glenda León artistaren Zuhaitz Bat basoan erortzen da izeneko erakusketa ikusgai izango da.
Erakusketaren izenburua deigarria da: “Zuhaitz bat basoan erortzen bada eta inor ez badago entzuteko”. Titulu horretan “errealitatearen eta pertzepzioaren arteko harremanari buruzko dilema filosofikoa da, eta esperientzia sentsorial hori islatzen du. Kanpoko eta barruko zarataz gainezka egon arren entzuteko gai ez den mundu baten aurrean, Glenda Leónek isiltasuna proposatzen du espazio aktibo gisa”.
Hots, inor ohartu gabe erortzen den zuhaitz hori egungo gizartearen eta gizabanakoen metafora bihurtu nahi izan du artistak.
Artistarentzat entzuketa ez da ekintza fisiko bat soilik, kontzientzia-forma bat baizik. Horregatik, bere praktikan, soinua eta isiltasuna tresna bihurtzen ditu ikusezina, espirituala eta politikoa dena hautemateko.
Glenda León diziplina anitzeko sortzailea da, eta nazioartean ibilbiderik eta proiekziorik handia du. Bere praktikan instalazioa da nagusi, baina argazkigintza, pintura eta musika, literatura eta dantzarekin hibridaturiko bideosorkuntzak ere egiten ditu.
Zuhaitz bat basoan erortzen da Glenda Leónen bakarkako lehen erakusketa izango da Bilbon, baina ez da Azkuna Zentroan bere lana erakusten duen lehen aldia. 2019an, Nunca real / Siempre verdadero erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, zeinak artearen eta literaturaren arteko sinbiosia landu zuen, 13 artistaren begiradaren bidez.
