Agerre Teatrok Zu ere on Kixote? obra arrakastatsua taularatuko du Azpeitian (ostirala, azaroak 22) eta Bilbon (larunbata, azaroak 23); Euskal Herriko hainbat herritan egina dute obra, publikoaren eta laguntzaile askoren partaidetza handiarekin.
Azpeitiko emanaldian hainbat lagunek hartuko dute parte, Azpeitiko Musika Eskolako trikitilariak eta txistulariak, Luis Beltza Dantza Eskola eta Barrenetxea Abesbatza, besteak beste. Gauza bera gertatuko da Bilbokoan ere: Euskeria Abesbatza, Gaztedi dantza taldea, Santutxuko Txistulariak…
Miguel de Cervantesen klasikoan oinarritutako lana da, baina modu berezian, nolazpait. Kixoteren aitzakiarekin Euskal Herriko historiaren errepaso egiten dute aktoreek.
Agerre Teatrok proposatzen digun lana honetan datza, hain zuzen: Hiru komediante etortzen dira istorio bat kontatzera, baina txirrindulari ero bat antzokian sartzen da Kixoteri buruzko bere istorioa kontatu nahian.
Komedianteek, Kixote aitzakia hartuta, gure Euskal Herriko Kixoteei buruz hitz egingo dute: S. Mitxelena, Lizardi, Iztueta, edo herriko pertsonaia xelebreez, Kapitan Pellot, Bomba eta Kiriko… horiek ere Kixote aipagarriak baitira.
Eta era berean, maitasunaz, amets eroez, porrotaz, pasioaz… ere mintzatuko dira. Azkenean, txirrindulariarekin batera, herriko jendeak ere parte hartuko du, bai dantza bat egiten, edo abesten, edo musika jotzen, istorioaren hainbat eta hainbat pasadizotan, publikoa eta beste guztiak komediante bihurtuta.
Bestalde, abenduaren 7an, Durangoko Azokan (S. Agustin Aretoan), Romeo & Juliet obra estreinatuko dute: “Berriro Trikitixa, teatroa eta herria!”.