Nontzeberri

“Ziutateaz” lanaren 50. urteurrena

1976an argitaratu zen Bernardo Atxagaren Ziutateaz. Lan horren lehen argitalpenaren 50. urteurrenean, Ziutate hartaz izeneko jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiak azaroaren 13an, Bilboko egoitzan.

Goizeko mintegian lanaren ezaugarriak aztertuko dira, eta horretarako hainbat aditu hurbilduko dira egoitzara. Joseba Sarrionandiak Ziutateaz: hiria, herria eta komunismoa izeneko hitzaldia egingo du; Irati Majuelok bere aldetik Ziutate honetaz saioa egingo du; Mari Jose Olaziregik Tiraniaren mapa hitzaldia egingo du; eta azkenik, Beñat Sarasolak Indarkeriaren parajeak  mintzaldia egingo du.
Arratsaldez, irakurraldi musikatua izango da, Bernardo Atxaga, Gari eta Jose Kruz Gurrutxagaren eskutik Ziutateaz: Geografia eta Historia titulupean.
Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak esan duenez, “Ziutateaz-ek merezi du berrirakurketa bat, gaurko distantziatik, hainbat arrazoirengatik: lan hibridoa, generoen arteko bizikidetzaren adibide abangoardista gertatu zen; literatura unibertsal modernoaren eraginak islatu zituen; diktadurek berezkoa duten bihozgabetasuna eta esperpentoa kritikatu zuen. Horrenbestez, garai bateko memoria soziopolitiko kolektibo gisa har daiteke”.

Jardunaldi berean, Euskaltzaindiaren Literatura Batzordeak argitaratzen duen Galda bildumako bigarren alea aurkeztuko da. Galda sortaren helburua Euskaltzaindiaren literatur ekintzen testigantza idatzia uztea da, parte-hartzaileen pentsamenduaren berri emanez eta jendartera zabalduz. Bigarren ale hau berezia izango da, izan ere, Bernardo Atxagak berak idatzitako gogoeta bat, Geografia eta Historia izenburua duena jasoko baitu.

Exit mobile version