Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak proiektu europarreko bitartekaritza laborategian parte hartzeko hautatutako 20 artista eta taldeek hasi dute prestakuntza teoriko-praktikoa, Bilbon.
Horien artean daude Nerea Lorente (Hortzmuga), Gloria Peón (LaGlo zirko danza), Maialen Cuevas (Malas Compañías), Endika Salazar (Cía Dikothomia), Amaia Vicente, Iru (Cía La Pez) eta Aratxo Angulo.
Aste osoan zehar Europako gainerako parte-hartzaileekin batera, taldean lan egingo dute, “zirkuaren diziplina hirira hurbiltzeko eta zirku garaikidearen sorkuntza eta hedapena sustatzeko, zirkuko artistak babesteko ekintzen bidez, elkartasun- eta trebakuntza-harremanak sortuz eta sendotuz”. Hala, hautatutako artistek hiriko hiru talderekin lan egingo dute: Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatza; NEVIPEN, ijito herria integratzeko elkartea; eta ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea
Ostegunean, martxoaren 18an, 18:00etatik 20:00etara, bitartekaritza laborategi horren esku-hartze artistikoa izango da, Sala Rekaldeko erakusketarekin bat eginez, Agustín Ibarrola, Naturalemente. Bertan, zirkuaren eta eskulturaren, pinturaren eta hitzaren arteko elkarrizketa izango du ardatz.
Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak lankidetza-proiektua zirkuko arteetarako mugaz gaindiko lankidetza ekimenaren barruan kokatzen da eta zortzi bazkidek osatzen dute, Pirinioetako alde bietako entitate publiko eta pribatuak.
