Nontzeberri

Zinexit jaialdiak giza duintasunaren defentsan arreta jarriko du

Azaroaren 9tik 13ra, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak sustatzen duen Zinexit jaialdia egingo da Bilboko Golem Alhondiga zinema-aretoetan, “giza eskubideen urraketen hainbat errealitateri buruz hausnartzeko, erresistentzian, memorian eta giza duintasunaren defentsan arreta jarrita”.

Aurtengo edizioari hasiera emango dio Irango herrixka batean zinegotzi hautatutako lehen emakumearen istorioa kontatzen duen Cutting through rocks dokumentalak. Sara Khaki eta Mohammadreza Eyniren filma dokumental onenaren 2026ko Oscar sarirako hautagaia izan da.
Ohikoa denez, Giza Eskubideen Zine Erakustaldia zinemako lan klasiko batekin itxiko da, oraingoan, A sangre fría filmarekin. Richard Brooksek zuzendu eta idatzitako film estatubatuarra, Truman Capoteren izen bereko eleberri ospetsuan oinarrituta dago.

Lehen lau egunetako emanaldiekin batera, solasaldiak egingo dira filmek jorratzen dituzten errealitateekin erlazionatutako adituekin eta pertsonekin, istorioetan sakontzeko eta hausnarketa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko.

Ekimenak Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasgeletara zabalduko du Giza Eskubideen arloko hezkuntzarekin duen konpromisoa, eta hala, 2.400 ikasletik gora bilduko dira zinemaren, aniztasunaren, berdintasunaren eta bizikidetzaren inguruan hausnartzeko.

Egun guztietako programazioa: Zinexit.

Exit mobile version