Gaur abiatuko da Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak sustatutako ZINEXIT-Giza Eskubideen XIV. Zinema erakustaldia. Azkuna Zentroko Golem Zinema-aretoek hartuko dute azaroaren 10etik 14ra arte, eta saioak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da.
Hamabosgarren edizio honetan, Zinexitek “gure ekintzen ondorioei buruzko eztabaida sortu eta hausnarketa kolektiboa sustatu nahi du, askotariko begiradak partekatuz eta gizarte gisa interpelatzen gaituzten gaiak mahai gainean jarriz. Giza Eskubideen eta horiek posible egin dituzten borroken pedagogia egiten duen hitzordua”.
Lehen egun honetan Raha Amirfazli eta Alireza Ghasemiren In the land of brothers filmaren estreinaldia egingo da. 2024ko Sundanceko Zinemaldian Zuzendaritza Onenaren saria jaso zuen, eta lehiaketa horretako Epaimahaiaren Sarirako izendatu zuten. Proiekzioaren ondoren solasaldi bat egingo da Khadija Amin kazetari eta errefuxiatu afganiarrarekin.
Gaurko estreinaldiaz gain, Coexistence, my ass! eta 2000 meters to Andriivka piezak ere estreinaldiak izango dira, bai eta Ibon Cormenzana zinemagile bilbotarraren Cuatro Paredes azken filma ere. Erakusketa Orson Wellesen Sed de mal klasikoarekin itxiko da.
Zineforuma egingo da saioen ostean ikus-entzuleei irekitako solasaldi batekin. Film bakoitzean landutako gaietan sakonduko dute adituek eta protagonistek.
ZINEXIT eta Giza Eskubideak ikasgeletara ere zabalduko dira, Zinexit Eskola eta
Bosa! hezkuntza programekin. Azken hori Bilboko Udaleko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren Sailak sustatzen du.
Egun guztietako hitzorduak: Zinexit
