Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak, Zinexit Elkarbizitzarako Zine Erakusketaren hirugarren edizioa abiatuko du datorren astean. Zikloa urriaren 16tik 19era egingo da, AlhondigaBilbaoko Golem zinema-aretoetan.
Ekimenaren helburua zinemagintzaren bidez pedagogia soziala bultzatzea da. “Helburua da ikus-entzuleei giza-eskubideekin eta elkarbizitza demokratikoarekin zerikusia duten hainbat gairi buruz galdetzea, eta eztabaidagune bat sortzea”.
Horretarako lau film proiektatuko dituzte: urriaren 16an, Richard Fleischer zinegile estatubatuar klasikoak 1959. urtean zuzenduriko Impulso Criminal filma ikusi ahalko da, zeinak heriotza zigorra jorratzen duen; 17an, Maite Ibañezek eta Maite Esparzak zuzenduriko ¿Por quién doblan las campanas? (2012) proiektatuko da eta zuzendariak bertan izango dira filma aurkezten; 18an, Marian Crisanen Morgen (2010) lana eskainiko dute, eta, azkenik, 19an, Larysa Kondrackiren The Whistleblower (La Verdad Oculta) aurkeztuko dute.
Emanaldien ostean, solasaldiak izango dira. Egitarauaz gehiago jakin nahi izanez gero, sartu Alondegiaren webgunean.