MUSIKA

Oskar Benas Instro Combo eta Big Bob Railroad, Dabadaba aretoan

Donostiako Dabadaba aretoak Oskar Benas Instro Combo banda hartuko du larunbatean, 20:30etik aurretik, Oskar Benas (Barakaldo 1975) ibilbide luzeko musikaria da, besteak beste, Fermin Muguruza, Maika Makovski eta Cabezafuego musikariekin jo ditu sei sokak. Egun, Atom Rhumbarekin ere jotzen du. Benasekin batera, Big Bob Railroad egitasmo akustikoak joko du Donostian, zeina blues eta folk estiloen inguruan ardazten den.

Gitarra-jotzaile trebea, artista grafikoa ere bada. Horretaz gainera, hainbat dokumental eta film laburren soinu-bandak ere idatzi ditu. Iaz, Obic izenburuko lan instrumentala plazaratu zuen.

Belauntzako Agosto estudioetan grabatu du lan instrumental berri hori Benasek. Lan eklektikoa da, askotariko oihartzunak biltzen baititu: surf, western, rock’n’roll zaharra edo exotica. “Reverb askoko rock’n’roll exotikoa da, surf, blues eta psikodelia kutsukoa”. Lan “lisergikoa eta paganoa” ere bada.

Diskoa hirukote formatuan grabatu du Barakaldoko musikariak, Daf Linares (baxua) eta Javi Nervioso (bateria eta perkusioak) musikarien laguntzarekin, hain zuzen. Hemen entzun dezakezue: oskarbenas.bandcamp.com.

Big Bob Railroad taldeak, bestalde, Session #1 izenburuko maketa grabatu zuen 2017an. Giro akustikoetan sortutako zazpi doinu biltzen ditu, Mississippi ibaiaren deltako musiketan errotuak. Grabazio horretan, Son House blues musikariaren kantu bat jaso dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button