Nontzeberri

Zinetika jaialdia hastear da Iruñean

Iruñean, dantzaren, zinemaren, teknologia berrien, gorputzaren eta makinaren arteko harremanak arakatzen dituen Zinetika jaialdia egingo da azaroaren 31etik abenduaren 1era. Ondoren, abenduaren 7an, Bilboko Guggenheim Museoan izango da, eta abenduaren 15ean eta 16an, Gazteszenan eta Donostiako Trueba zinemetan.

Azaroaren 30ean, larunbata, hasiko da Zinetika Festival jaialdiaren IX. edizioa, 3 sailen barruko (Sail Ofiziala, Zinetiks eta Student Films) 8 filmek, hiru performancek, klase magistral batek eta bideosormen tailer batek osatutako programazioarekin.
Lehen egunean, 18:00etan, Iruñeko Kondestable Jauregian, Iñaki Alforjaren Munduarekin kameraren bidez erlazionatu klase magistrala antolatu da. Bertan, bere ikus-entzunezko lanen errepasoa egingo du, eta 19:30ean El vuelo de las libélulas filma proiektatuko da, Mariburruntzi igeriketa artistikoko taldearen 50 eta 60 urteko bederatzi emakumeen bizitza korapilatsua kontatzen duena.
Gauean, Nine Easy Dances (Nora Rosenthal), In The Same Boat, (Mervi Junkkonen & Mia Malviniemi), Off Ground (Boudewijn Koole), A Kiss, (Jacob Sutton) eta Fist (Thomas Bos) filmak pantailaratuko dira.
Eta abenduaren 1ean,oraingoan Civivox Iturraman, Oligor eta Microscopia konpainien eskutik La melancolía del turista lana antzeztuko da. Bertan, paradisuaren ideia irudimenean finkatzen duten momentuen eta objektuen deskonposizioa azaleratzen da.

Jaialdia ere plataforma bat da artisten eta entitateen arteko loturak nazioartean ezartzeko, kultur trukea aberastuta, sorkuntza hibridoen aldeko apustua eginda.

Jaialdiaren gaineko informazio guztia, hemen.

Exit mobile version