Tabakalerak datorren urterako zine-programazioa aurkeztu du. Betiko legez adar askotako proposamen zinematografikoak izango dira protagonista. Horietariko bat, Nosferatu ziklo berria, datorren urtarrilaren 15ean hasiko dena. Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin, eta 2025eko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.
Aurten Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak titulupean dator ziklo ezaguna, zinemaren historiara ikuspegi femenino eta feministatik hurbilduko dena. Hortaz, ziklo horrek “emakume zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktoreen lana berrikusi, proiektatu eta aldarrikatu nahi du; haietako batzuk azken urteetan aitortuak eta erreibindikatuak izan dira, eta beste asko, berriz, ahaztuak eta zinemaren historiatik ezabatuak.”
Alice Guy aitzindari frantsesaren lana izango da protagonista lehen saioan, eta bere hiru film proiektatuko dira Mabel Normanden film batekin batera. Beste batzuen artean, Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Leni Riefenstahl, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupino aitzindarien lana erakutsiko da, eta gero, Agnès Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmüller, Larisa Shepitko eta Barbara Lodenen filmak etorriko dira. Azkenik, Susan Seidelman, Naomi Kawase, Kathryn Bigelow, Jane Campion, Isabel Coixet eta Julia Ducournau zinemagileen lanak ere pantailaratuko dira..
Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine, Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok koordinatua, urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Iratxe Fresnedak koordinatua, datorren urtearen amaieran plazaratuko da.