Nontzeberri

Zinemaldia Bilbora heldu da

Donostia Zinemaldiak Azkuna Zentroko Auditorioan erakutsiko ditu azken edizioan aurkeztutako izenbururik interesgarrienak, urriaren 8ra arte. Atzo abiatu zen programan, Isabel Coixeten Un Amor filmaren emanaldia izan zen.

Dakizuenez, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan, Azkuna Zentroak urtero proiektatzen du Zinemaldian aurkeztu diren filmen sorta bat jaialdia itxi ondoren.
Aurten, zikloak “zuzendari ospetsuen eta talentu berrien filmen aukeraketa dakar, baita haur eta familiarrentzako filmena ere, zinema eta ikus-entzunezko ekoizpen garaikidea belaunaldi gazteenetara hurbilduz. Urriaren 7an, larunbata, eta 8an, igandea, goizeko zinea izango da, animaziozko bi filmekin.”

Sail Ofizialetik ere beste hiru film pantailaratuko dira: Un silence, Emmanuelle Devos eta Daniel Auteuil protagonista dituena eta Joachim Lafossek zuzendu duena. Thomas Liltiren Un Métier Sérieux ere proiektatuko da, irakasleei buruzko hausnarketa sozial argia, dibertigarria, hezigarria eta hunkigarria; eta Puan film argentinarra, Marcelo Subiotto, Leonardo Sbaraglia eta Julieta Zylberberg protagonista dituen tragikomedia, María Alché eta Benjamín Naishtat zuzendari dituena. Eta Liang Ming zuzendari txinatarraren Carefree Days bigarren film luzea ikusteko aukera egongo da. Ban Yu idazlearen izen bereko eleberri batean oinarrituta dago filma.

Beste aldetik, Perlak saileko zintak ere ikusiko dira, eta honako hauek dira: Anatomie d’une chute Justine Trietena. Bere senarra hil izana leporatzen dioten alargun baten prozesua kontatzen duen film honek Cannesko azken Zinemaldian Urrezko Palma irabazi zuen. Io Capitano, Italia-Belgika-Frantzia koprodukzioa, Matteo Garronek zuzendua. Perfect Days, Japonia-Alemania koprodukzioa, Wim Wendersek zuzendua, edertasuna eguneroko bizitzan bilatzeari buruzko gogoeta hunkigarri eta poetikoa. Bai eta La Memoria Infinita, Sundanceko Jaialdiaren iazko edizioan Epaimahaiaren Dokumentala Saria irabazi zuen film txiletarra. Azkenik, zikloak euskarazko bi saio izango ditu asteburuan, haurrentzat eta familientzat pentsatuak. Batetik, Superheroien Familia, Rasmus A. Sivertsenek zuzendua; eta, bestetik, Ali Samadi Ahadiren Ilargirantz.

Zikoaren gaineko datu guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version