Nontzeberri

Zinemakumeak Gara! jaialdia bidean da

Zinemakumeak Gara! jaialdia emakumeek euskal ikus-entzunezkoen sektorean duten garrantzia ikusarazteko helburuz jaio zen. Aurten, urriaren 26ra bitartean, Bilboko BBK aretoan, BilbaoArten, BBK Kunan, La Bolsa eraikinean eta Golem zinemetan egingo da.

Gaur, hilak 24, Indian errodaturiko Girls Will Be Girls (Shuchi Talati, 2024) lana pantailaratuko dute Golem zinemetan. Lanaren sinopsiak hala dio: “Himalayan kokatutako barnetegi zorrotz batean, 16 urteko Mirak desira eta erromantzea deskubritzen ditu; baina bere esnatze sexual eta errebeldea aztoratu egiten du bere amak, inoiz heldu ez zenak”.

Jaialdiaren barruan zenbait jarduera antolatu dira, hala nola, film labur eta luzeen proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, testuak eta argazkiak biltzen dituen erakusketa bat, eta bestelako topaketak gonbidatutako zuzendariekin, azken horiek beren filmak aurkeztuko dituzte jendaurrean.
Zinema-erakusketak 10 film luze ikusteko aukera emango du, gainera horietariko askok jaialdi ospetsuetan parte hartu dute (Cannes, Sundance, Seminci, Berlin).
Beste aldetik, 7 film labur (euskararako azpitituluekin) eta Argentinako zinemaren historian funtsezkoak diren hiru tituluren bertsio berrituak pantailaratzen ari dira: Camila (María Luisa Bemberg, 1984), Yo, la peor de todos (María Luisa Bemberg, 1990) eta Un muro de silencio (Lita Stantic, 1993).

Urriaren 21ean, Simone de Beauvoir 2024 saria eman zitzaion Gracia Querejeta zuzendari eta gidoilariari. Aurten beste sari bat emango da, BIHARGI EITB Saria izenekoa, talentu berria aintzatesteko.

Bilbon izan ostean, jaialdiak bere programazioaren bertsio laburtua eramango du Basauri, Portugalete eta Bermeora.

Exit mobile version