Nontzeberri

Zinemako kartelgintza ikusgai, Bilboko Ondare Aretoan

Zinema Kartelak Bilbon erakusketak hiriko memoria zinematografikoari lotutako 49 kartel historiko aurkeztuko ditu otsailera bitartean, Bilboko Ondare Aretoan. Ignacio Mitxelena Usatorre, bildumaren jabea eta zinemari lotutako arte grafikoan aditua eta Bernardo I. García de la Torre, Bilboko proiekzio-aretoen tipologia arkitektonikoetan aditua izango dira komisarioak, eta eurek atonduriko erakusketak unibertso bisualari begirada zabala eskaini nahi dio.

Zinema Kartelak Bilbon erakusketan ikusiko diren kartelak iraganeko irudi oso ezagunak dira, eta “garai bateko historia kontatzen dute, zehazki 1935tik 2000 urtera artekoa, eta zinemak duen garrantzi sozialaz hitz egiten dute.”

Kartelen ibilbidean hiru etapa handi daude: “lehenengo fasea berrikuntza estilistikoaren amaierako aldiari dagokio, 1935. eta 1940. urteen artean garatua; bigarren etapa naturalista da, 1940tik 1960ra bitartekoa; eta hirugarren fasea sinbolista da, 1960tik aurrera hasia, pop art, espresionismoa, surrealismoa eta postmodernismoa bezalako korronteen eraginak markatua”.

Kartelez gain, erakusketak publizitate-gidak, fotokromoak, press-book-ak, ikuskizunak eta Bilboko esperientzia zinematografikoari lotutako hainbat objektu erakusten ditu. Néstor Basterretxeak bere Ama Lur/Tierra Madre filmerako diseinatutako grafikoak nabarmentzen dira, 1968an estreinatu zenetik erakutsi ez ziren publizitate-argazkiekin batera.

Kartel-sortak munduko hainbat izenburu enblematikoen bilduma osatzen du, eta lan bakoitzak film baten berri emateaz gain, “artelan bat ere bada berez, izan ere, irudi bakoitzaren atzean egile bat dago – pintorea, ilustratzailea, argazkilaria, umorista grafikoa edo karikaturagilea -, eta bere estilo partikularrarekin lan zinematografikoaren espiritua interpretatu egin du”.

Kartel horiek zinemaren historiaren lekuko bisual eta XX. mendeko arte grafikoaren funtsezko pieza bihurtzen dira.

Exit mobile version