Nontzeberri

Zinema garaikidearen ahots berezia, Tabakaleran

Datozen asteei begira Tabakalerak programazio ederra atondu du. Laster bidean izango den (uztailaren 7tik 29ra) Jazzinema ziklo klasikoaz gain, non Soul (Pete Docter, Kemp Powers, 2020), Rewind & Play (Alain Gomis, 2022), El trompetista (Michael Curtiz, 1950) eta Blue Giant (Yuzuru Tachikawa, 2023) filmak proiektatuko diren, zentroak Mia Hansen-Løve zuzendari frantsesari eskainiko dio beste ziklo bat.

Mia Hansen-Løve (Paris, 1981) Frantziako zinema garaikidearen ahots berezienetakoa da. 26 urterekin idatzi eta zuzendu zuen bere lehen pelikula, Tout est pardonné (2007). Canneseko Quinzaine des réalisateurs topaketan estreinatu zen, eta nazioarteko aintzatespena jaso zuen. Tabakalerak bere film guztiak proiektatuko ditu, eta abuztuaren 23an, Mia Hansen-Løve Donostiara etorriko da bere zinemagintzaz hitz egitera.

Zuzendari frantziarraren gaineko zikloa larunbat honetan (uztailak 8, 19:00)hasiko da Le père de mes enfants piezaren proiekzioarekin. Lan horrek bi abiapuntu ditu, batetik, Humbert Balsan produktorearen bizitza, zeina funtsezkoa izan zen zuzendariak bere lehenengo film luzea egiteko. Gerora, bere buruaz beste egin zuen produktoreak. Eta bestetik, Hansen-Løveren beraren bizitza. Haren aitaren aldetiko aitona danimarkarra zen (hortik datorkio zinemagileari abizena) eta hark ere bere buruaz beste egin zuen.

Uztaileko beste saioak honako hauek izango dira: uztailak 15, Un amour de jeunesse; uztailak 22, Eden; eta uztailak 29, L’Avenir. Aipaturiko Tout est pardonné filma abuztuaren 12an eskainiko da.

Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Exit mobile version