Abenduaren 3an, 18:00etan, Artiumek bultzaturiko Hasieratik. Zinema Feministaren Historiak VI zikloaren azken emanaldia egingo da. Zinema-ziklo horren helburua da emakume zinemagileak eta haien filmak ezagutaraztea. Errealitate horiek zinema kanonikoaren historiatik kanpo geratu dira, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu aldarrikatzea. Hilean behin, zuzendari bakoitzaren unibertso zinematografikora hurbilduko gara. Ibilbide posible bat, pixkanaka, gure zinemaren historia berridazten jarraitzeko.
Edizio honetan, berriz, hainbat zinemagile gonbidatu dituzte, eta beraiek proposatuko dituzte zinemaren historian zehar emakumeek zuzendutako filmak. Gonbidatutako zuzendariek beraiek aurkeztuko dituzte saioak.
Abenduaren 3an, igandea, Fifi howls from Happiness (Mitra Farahani, 2013) filma pantailaratuko da. Kasu honetan lanaren aurkezlea Tamara Lucarini zinemagilea izango da. Filma Bahman Mohasses irandar artista bisualaren bizitzaren (eta, bereziki, azken egunen) kontakizuna da. Mohasses halako auto-erbeste moduko batera kondenatuta bizi da Erroman, ospe gehien zuen unean bere herritik alde egin behar izan zuelako.
Tabakaleran abenduaren 7an ikusi ahalko da film hori.