Nontzeberri

“Zinema eta Hiria” zikloaren azken saioa, Bilbon

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak Zinema eta Hiria ziklo bat garatzen ari da azken hilabeteetan. Abenduaren 22an, Ordezkaritzako ekitaldi-aretoan, 19:00etan, azken emanaldia izango da.

Eneko Lorente zikloaren komisarioa izan da eta berak egin du filmen aukeraketa interesgarria. Asmoa da “Bilboko hirian arreta berezia jartzea, Bilbo zineman 1981-1998 izeneko zikloko filmekin”. Programazioak 1981 eta 1998 bitartean egindako filmak bildu ditu, eta horietan “Bilboko hiri-eraldaketa sakona garatzen da, merkataritzan eta industrian oinarritutako iraganetik hiriaren egungo egituraketara arte.”

Lorentek berak azaldu duen moduan, “programan jasotzen diren filmek hiri-birmoldaketa prozesu honen kaleko begirada irudikatzen dute. Bertan, pertsonaien ibilbide bizia eta emozionala bideratzen duten tramak, argi-ilunez etengabe eraldatzen ari den hiri-eszenografiaren gainean proiektatzen dira”.

Orain arte pantailaratu diren filmak honakoak izan dira: Juan Ortuoste eta Javier Rebolloren Siete calles (1981); Javier Rebolloren Golfo de Vizcaya (1985); eta Ernesto del Ríoren El amor de ahora (1987).

Gaur, abenduaren 22an, Juan Ortuosteren Entre todas las mujeres (1998) lana ikusteko aukera egongo da. Lana “hiri berriaren atarian kokatzen da, aurreko hamarkadaren kontraplano zabala eta konplexua osatuz.”

Betiko legez, filmen zuzendariek aurkeztuko dituzte filmak, eta proiekzioaren ondoren, solasaldi batean hartuko dute parte.

Exit mobile version