Nontzeberri

Zinegoak zinemaldiaren 11. edizioa

Aurtengo Zinegoak zine jaialdia urtarrilaren 20tik 27ra garatuko da, Bilbon. Horrekin batera, urtarrilaren 28tik otsailaren 9ra, Getxon, Leioan, Sopelan, Durangon, Errenterian, Basaurin, Donostian, Sestaon, Portugaleten, Igorren eta Hernanin ere zabalduko da, Zinegoak hedapena izenburupean.

Atzoko prentsaurrekoan adierazi zutenez, “zailtasunak zailtasun” , beste edizio bat dago aurten ere, izan ere, zailena ez da hamaika urte betetzea, baizik eta urtez urte, lehenengoa balitz bezala, jaialdi fresko eta iradokitzailea bat egitea.

Hala, datorren astelehenean, urtarrilak 20, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazioa ekitaldiarekin, Zinegoak zinemaldiari emango zaio hasiera. Eta aurtengo edizioan giza eskubideen trataera bereziaren inguruan ardaztuko da zikloa. Amnistia Internacional taldearen laguntza izan du jaialdiak, eta hala, Kamerun, Errusia edota Maroko bezalako herrietan ematen diren LGTB pertsonen eskubideen gaineko hausnarketa proposatuko da.

Ildo honetan, zinemaren bitartez berdintasunaren alde egiteko apustuak bultzatuta, Zinegoak 2014 Ohorezko Saria Bok o Bok (Side by Side) San Petersburgoko LGTB Nazioarteko Zine Jaialdiari emango zaio. Hortaz, jaialdi horren antolakuntza zuzendari Tanya Shmankevich Bilbon izango da saria jasotzeko, eta, nola ez, azken urteotan Errusian pizten ari den homofobiaz hitz egiteko ere bai.

Beste aldetik, Zinegoak beste ildo sozial bat jorratu nahiko du edizio honetan. Izan ere, ekimen zinematografikoa, artistikoa eta kulturala izateaz gain ekimen soziala eta aldarrikatzailea ere bada, eta horretarako gaztaroa eta nerabezaroa jorratzen duten pelikulak programatu dira.

Programatutakoaren zenbakietara so eginez, 6 lan eszeniko (Performancea, Dantza, Bakarrizketa, Ipuin kontaketa, Operarock-a, Antzerki proiektatua), 13 fikziozko film luze, 9 dokumental, 44 fikzio edo dokumental labur eta 14 lan esperimental pantailaratuko dira; guztira 5 kontinenteetako 31 herrialdeetako 86 lan. Lan horietatik guztietatik 5 bertokoak izango dira.

Bertan azpimarratu dutenez, Kerron Sinulle Kaiken (Simo Halinen, Finlandia /2013), Tom à la ferme (Xavier Dolan Kanada-Frantzia / 2013 ), L’Inconnu du lac (Alain Guiraudie Frantzia /2013), Gerontophilia (Bruce LaBruce Kanada / 2013), Who’s Afraid of Vagina Wolf (Anna Margarita Albelo AEB-Frantzia/ 2013), I am Divine,(Jeffrey Schwarz AEB/2013 / 91’) filmak izan daitezke interesgarrienak.

Ekintza paraleloak, filmen tituluak eta bestelakoak non eta noiz emango diren begiratzeko Zinegoak duen webgunean begiratu ahalko dituzue.

Exit mobile version