Zinegoak Bilboko Gay-lesbo-trans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren baitan, hiru lan eszeniko taularatuko dira, asteon, Bilboko La Fundicion aretoan.
Hala, ostegunean, urtarrilak 23, Abel González Melo egile kubatarraren Chamaco (2013) obraren proiekzioa izango da, 20:00etan. La Fundicion aretoaren arabera, obrak Habanako Dramaturgiaren Lehen Saria lortu zuen 2005ean, eta Kubako Antzoki Nazionalean estreinatu zen 2006ko maiatzean, Carlos Cedrán-en zuzendaritzapean. Fidel Betancourt, Ernesto Arias, Francesco Carril, Pilar VIlaplana, Juan O’Gallar Paloma Zavala, Rey Montesinos eta Luis Castellanos dira antzezleak.
Obrak ondokoa kontatzen du: “Gabonak dira, eta Miguel Depás erail dute Madrileko erdiguneko plaza batean. Poliziak ikertzen du, eta pistek Kárel Darín kubatarrari egozten diote. Mutil hori hirian dabil hara eta hona, diru bila plazeraren truke. Jakin gabe, hildakoaren aita eta arreba (epailea eta zirujaua) kasuan nahasten dira modu obsesiboan”.
Gainerako bi emanaldiei dagokienez, ostiralean, urtarrilak 24, Laura Freijok Soy lo que estás buscando ordubeteko bakarrizketa antzeztuko du, 20:00etan; obra “manifestu sentimentala da”. Amaitzeko, larunbatean eta igandean, urtarrilak 25 eta 26, Pere Faura dantzari bartzelonarrak Striptease eta Bomberos con largas mangueras piezak aurkeztuko ditu, 19:00etan.
