Nontzeberri

Zinegoak Jaialdiko XII. edizioaren berrikuntzak

Hil honetako 26tik otsailaren 2ra ospatuko den Zinegoak Bilboko gaylesbotrans jaialdia prestatzen ari da Hegoak Elkartea. Antolatzaileen arabera berrikuntza asko dakartza aurten jaialdiak.

Berrikuntza horietatik guztietatik pozgarriena hizkuntzari dagokio. Euskararen presentzia handituko da eta lehenengo aldiz, azpititulaturiko hiru ziklo izango dira ikusgai euskaraz.

Ohiko Ohorezko Sariaz gain, BitArt New Mediaren gerente den Fernando Díez produktoreak Ohorezko Sari Berezia jasoko du. Aurten estreinatu diren hiru LGBT filmetan parte hartu du: A escondidas, Los tontos y los estúpidos, eta Vestido de Novia. Urte bakarrean LGBT gaia tratatzen duten hiru film estreinatzen dituen lehen produktore europarra da Fernando Díez. Otsailaren 1ean BBK Salan jasoko du saria, eta ondoren Vestido de Novia proiektatuko da.

Programazioari dagokionez, besteak beste, honako filmak ikusi ahalko dira: Israel Cárdenas-en eta Laura Amelia Guzmán-en Dolares de arena dominikarra, Geraldine Chaplin protagonista duena eta urtarrilaren 26an Zinegoak inauguratuko duena; Mario Fanfani-ren Les nuits d’été, Veneziako Jaialdian Queer Lion irabazi zuena, edo Askold Kurov-en eta Pavel Loparev-en Children 404, Errusiako gay eta lesbianen egoeraren inguruko dokumental dardaragarria.

Berrikuntza hauek eta jaialdiaren nondik norakoak, hil honetan egingo den prentsaurrekoan aurkeztuko dira.

Exit mobile version