Nontzeberri

Zinegoak eta Fas-ek “O Ornitólogo” filma aurkeztuko dute

Zinegoak jaialdiaren Ohorezko saria jaso berri duen João Pedro Rodrigues zuzendari portugaldarrak zuzendutako O Ornitólogo (2016) pantailaratuko dute, estreinakoz Bilbon, LGTB jaialdiak eta Fas zineklubak, Golen aretoetan, 19:30etik aurrera.

Filmaren zuzendariak aurkeztuko du filma, zeinak 2016ko Locarnoko Zinemaldian Zuzendaritza Onenaren saria jaso duen.

Pelikulak Fernando izeneko ornitologoari gertatutakoa kontatzen du. Galzorian dagoen zikoina beltza bilatzen ari den bitartean, ibai bateko ur-lasterrek eramango dute. Santiago de Compostelarako bidean doazen bi erromes txinatarrek baina, salbatu egingo dute.

Fas zineklubaren arabera, “bere bidea berriz aurkitu nahian, baso ilun eta kezkagarri batean sartuko da Fernando. Baina aurkitu, oztopo harrigarri eta ustekabekoak aurkituko ditu, baita bera neurtuko eta mugara eramango duen jendea ere. Arian-arian, bestelako gizon bat bihurtuko da: inspiratua, polifazetikoa eta, azkenik, goiargiduna”.

Rodriguesek, Lisboako Zinema Eskolan lizentziatuak, hainbat lan filmatu ditu: O Fantasma (2000), Odete (2005), Morrer como um homem (2009) eta A última vez que vi Macau (2012), besteak beste.

Informazio gehiago: cineclubfas.com.

Exit mobile version