Nontzeberri

Zinebiko film labur onenak proiektatuko dituzte Otxarkoagan

Zinebiklub zikloak Zinebiko 53. edizioan ikusitako film labur onenak proiektatuko dituzte Bilboko Otxarkoaga auzoko Udaltegian ekaineko astelehen eta asteazkenetan. Emanaldiak 19:00etan izango dira.

Euskal Herriko eta Espainiako zinegileek egindako filmak izango dira ikusgai Zinebiklub programaren baitan. Hala, Zinebi 53ko Sekzio Ofizialean lehiatu ziren 53 film eta lehiaketatik kanpo eskainitako beste hogei inguru ikusi ahalko dira, denak ere 70 minutu inguruko saioetan bilduta.

Filmen artean nabarmentzekoak dira, Gabriel Lacruzen Soja film labur venezuelarra, Hego Amerikako Film hoberenari ematen zaion Zilarrezko Karabelaren irabazlea, eta bere kategoriako Zilarrezko Mikeldi saria lortu zuen Hego Koreako Ya-Gan-Bi-Hang fikziozko lana.

Zikloa gaur hasiko da, aurten 25 urte bete dituen Kubako San Antonio de los Bañoseko Zine eta Telebista Eskolak egiten duen lana erakutsiko duen saioarekin: Marcos Pimentel, Raquela Conde Viera, Armando Capó, Nazly López eta Jaime Rosales zinegileen bost dokumental.

Hurrengo lau saioetan (ekainak 6, 11, 13 eta 18), Zinebi 53 Nazioarteko Lehiaketan lehiatu ziren 18 film labur proiektatuko dituzte.

Zinebiklub programazio Euskal Zineari buruzko hiru emanaldirekin amaituko da, ekainaren 20an, 25ean eta 27an, hain zuzen ere. Ziklo horretan, 13 film izango dira, fikziozkoak eta dokumentalak, tartean, Miriam Isasi eta María Salazar, Aritz Moreno edo Josu Venero zinegileen lanak.

Exit mobile version