ZINEBI musikaz beterik dator aurten. Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, hilaren 12an, gazteentzako Go!azen telesailaren 9.0 denboraldiko lehen atalaren aurrestreinaldia hartuko du, EITBren eskutik.
ZINEBIren saio berezi hori Bilboko Azkuna Zentroko Auditorioan egingo da, 12:00etan, eta bertan telesailaren protagonista batzuk izango dira. Gogoratuko duzuenez, EITBk urriaren 15ean, BECeko Bizkaia Arenan, hori bezalako beste saio bat antolatu zuen, 3.800 pertsona bildu zituena. Orain, modu horretan, jaialdia “euskal fenomeno transmediaren bederatzigarren denboraldiaren aurkezpen ofizialaren agertoki bihurtuko da”.
Gazteentzako telesailaren bederatzigarren denboraldiaren estreinaldi ofiziala EITB Mediaren euskarrietan egingo da hil honen 18an.
Eta gazte horien musikaz aparte bestelako musika-kontzertuak ere antolatu dituzte ZINEBIren barruan. Zuzeneko musika Arriaga Antzokian egingo diren irekiera eta amaiera ekitaldietan izango da. Hala, hilaren 11n, 19:30ean, Merina Gris euskal taldearen Zerua orain izeneko diskoaren abestiak entzungai izango dira. Bestalde, GHAU, Gartxot Unsainen proiektua, ZINEBIren itxiera ekitaldiari musika jartzeaz arduratuko da, hilaren 18an, 19:30ean.
Eta Izaro Andrés konpositoreak eta Ander Merinok zuzenduriko IZARO: Limoiari eztia / Reivindicar la ternura dokumentalaren estreinaldia ere antolatu da. Emanaldia BBK aretoan izango da, azaroaren 14an, 18:00etan, eta bertan Izaro kantaria izango da.