Nontzeberri

ZINEBIk animazio-zinemarekin bat egingo du

ZINEBIk animazio-zinemarekiko konpromisoa indartuko du 67. edizio honetan eta beste kontu askoren artean, txekiar animazioari egingo dio jaramon.

Sail Ofizialean, animazioko titulu gehiago eskainiko ditu fikziozkoak eta dokumentalak baino. Horien artean, Bea Lemaren opera prima den El cuerpo de Cristo obra ikus ahal izango da. Egile hori Komikiaren Sari Nazionala izan da 2024an, eta Bilbon egingo da bere piezaren mundu-mailako estreinaldia.

Eta diogun moduan, Czech Focus zikloa ere badago, txekiar animazioari dedikaturikoa. Atzera begirako honek hogei bat titulu ekarriko ditu eta “panpina, itzal eta ametsen arteko bidaia izango da, eta film bakoitzak animazioa arte nagusi bihurtu zuen herrialde baten espiritu aske eta ameslaria erakutsiko du”.  Ziklo honetako hainbat film ZINEBI TXIKIk haurrei zuzendutako programaren barruan programatu dira, eta Arriaga Antzokian eta Guggenheim Bilbao Museoan ikus ahal izango dira.

Gainera, ZINEBI Animation Lab euskal animazioaren ekosistema indartzeko eta sortzaile gazteak erreferentziazko profesionalekin harremanetan jartzeko gunea ere izango da. Ekimena azaroaren 26tik 28ra bitartean izango da Azkuna Zentroan,  ZINEBI Networking-en barruan, eta sei ardatz nagusi izango ditu: jaialdirako buru animatuak sortzea; miniegonaldiak sortzen ari diren proiektuak garatzeko; stop motion tailer inklusiboa, ikusmen-urritasuna duten haurrentzat; Europako animazio-arloko profesional nabarmenek emandako eskola magistralak; industriako topaketa sektoriala EPE-IBAIA erakundearekin elkarlanean; eta artista gonbidatuekin konektatzeko eta hitz egiteko hainbat jarduera.

Exit mobile version