Nontzeberri

“Zinebi First Film” atalean, opera primak

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, Zinebi First Film (Ziff) sekzioaren barruan, mundu osoko zinegile berrien bederatzi opera prima lehiatuko dira. Aukeratutako bederatzi lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Locarnotik, Cannesetik, Berlinetik, Veneziatik edo Sundancetik, besteak beste, eta horietako zortzi estreinaldiak izango dira Estatuan.

Film luzeen munduan lehen lanak gauzatu nahi dituzten ekoizle eta zinegile gazteei lagundu nahi die Zinebik, fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei begira antolatutako Zinebi First Film (Ziff) sariarekin. Beautiful Docs (zine dokumentala) eta Bertoko begiradak (euskal ekoizpen lanak) sekzioekin batera, Zinebi First Film (Ziff) sariak sarri askotan industria handian eta areto komertzialetan gutxitan ikusten diren film luzeak sustatu nahi ditu.

Saria 7.000 eurokoa izango da, eta Silvano Agosti idazle, muntatzaile, zinegile eta erakusle italiarrak, Alejandra Trellés Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendariak  eta Haritz Zubillaga zinegile bilbotarrak aukeratuko dute sariduna.

Zinebiren arabera, “aukeraketa honetan, ikus-entzuleek, mundu garaikideko gizakien joan-etorrien funtsezko gaiak aurkituko dituzte, erlijioan oinarritutako lege zorrotzaren mende dauden zenbait hiritako bizimodua; nerabeen arteko maitasuna Latinoamerikako herrialde batzuetako mugetan; Atlantikoa belaontzi batean zeharkatzen duen emakume baten abentura solidarioa eta esperientzia pertsonala; edo emakume baten galera tragikoa eta senarraren eta maitalearen dolu konpartitua, besteak beste”.

Helena Wittmann zuzendariaren Drift filma da espektatiba handiak sortu dituen lana. Horrez gain, Austin Lynchen lehenengo lan luzea, Gray House; Cyril Schäublinen Dene wos guet geit (Those Who Are Fine); Namai Ba Rahis Gomhor (A Letter to the President) lana; edo Matan Yairren Pigumim (Scaffolding) ikusi ahalko dira.

Karteldegia eta ordutegiei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago. 

Exit mobile version