Iragan asteburuan Bilboko Zinebi eta Pasaiako Ikuska jaialdien palmaresak iragarri zituzten. Hala, Zinebiri dagokionez, Arnaud Dufeys belgikarraren Atomes film laburrak irabazi du 54. edizioaren sari nagusia. Hugo 34 urteko hezitzailea da filmaren protagonista. Hugok barnetegian bizi duen errutina goitik behera aldatuko da, Jules nerabe probokatzailearen eraginez.
Tucker Dávilaren Los Perfeccionistas, eta Martín Roseteren Voice over filmek ex aequo eskuratu dute Euskal Zinearen Sari Nagusia; Jossie Malinsen Bendito Machine IV filmak, berriz, Zine Espainiarraren Sari Nagusia irabazi du, eta Celia Rico Clavellinoren Luisa no está en casa-k aipamen berezia jaso du.
Bestalde, Pasaiako Ikuska jaialdiko sari nagusia, hau da, XIV. edizioko film labur onena, Esteban Cresporen Aquel no era yo filmak irabazi du. Filmak Afrikako herrialde bateko ume gerlariei buruzko istorioa kontatzen du.
Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Haritz Zubillagak jaso du She’s Lost Control lanarekin. Gregorio Muro zinegilearen Zeinek gehiago iraun filmak, halaber, epaimahairen sari berezia, eta Gipuzkoako lan onenaren sariak lortu zituen. Azkenik, David Morenoren Zombi lanak publikoaren saria eskuratu du.
