Nontzeberri

Zinebi baino lehen, Prezinebiren programazioa

 

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren (ZINEBI) 56. edizioak Prezinebiren programazioa abiatuko du azaroaren 7tik 14ra. Egun horietan, ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izango dute lekua. Aurreko ekimenaz gain, zine eskolek egiten duten lanaren erakusketa eskainiko da, eta Zinebiexpress lehiaketaren beste edizio bat antolatuko da.

Hortaz, gaur bertan hasiko da egitaraua, Bilboko Campos antzokiko Kupula aretoan Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak antolaturiko topaketa batekin. Cristóbal Garrido eta Adolfo Valor zine idazle gazteak eta Javier Ruiz Caldera (Promoción fantasma (2012) lanaren zuzendaria) elkartuko dira.

Bihar, 48 ordutan errodatutako film laburren Zinebiexpress lehiaketarako deialdi berria zabalduko da goizeko 09:30etatik 10:30etara, Campos Elíseos Antzokian. Partaideek astelehen arratsaldera arteko epea izango dute euren lanak aurkezteko eta ostegunean, azaroaren 13an, sariak banatuko dira, eta lehiaketaren finalera heldu diren filmak ere eskainiko dira.

Larunbat honetan ere, Simone de Beauvoir Kolektibo feministak topaketa eskainiko du Josefina Molinarekin eta Pilar Mirórekin. Saio hori arratsaldeko 20:00etan hasiko da Campos Antzokiko Kupula aretoan, eta Función de noche (1981) eskainiko da.

Astelehenean eta asteazkenean, Kupula aretoan, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2012an eta 2013an egindako lanak erakutsiko dira.

FAS Zineklubaren partaidetza bermatu da aurten ere. Asteartean, azaroaren 11n, Josu Venerok 2012an zuzendu zuen En un paisaje imaginado film luze dokumentala eskainiko du. Prezinebiren amaierako jaia azaroaren 14an izango da  Bilborock aretoan Redneck Zinema Party izenpean.

 

Exit mobile version