Zinegoak zinemaldia amaitu berri da, baina bere proposamenak aurrera doaz, eta hala, Naizen eta Zinegoak elkarteek ZiNaizen lehiaketaren lehen edizioa abiatu dute.
ZiNaizenek trans haurtzaroei buruzko erreferentzia gehiago sortu nahi du. “Ikuspegi berri positiboak, anitzagoak eta jatorri ezberdinetakoak. Formatua ere askotarikoa izan daiteke, aretoan, ordenagailuetan zein gailu mugikorretan ikusiak izateko, hori baita gazteenek ikus-entzunezkoetara jotzeko duten gune nagusia”. Hortaz, lehiaketako lanetan honelako gaiak ager daitezke: trans pertsonek haurtzaroan eta nerabezaroan izan dituzten esperientziak, familia, eskola, osasuna, harremanak edota aisialdian; zerbitzuak eta baliabideak (arreta medikoa, hezkuntza edo kirola) eskuratzeko dituzten oztopoak; benetako nortasuna islatzen duten legezko agiriak lortzeko zailtasunak; berdintasunaren eta justiziaren aldeko borroka, eta abar.
Interesa izanez gero, jakin behar duzue lanek gehienez 3 minutuko iraupena izan behar dutela, eta aurkezteko epea 2025eko apirilean amaituko dela. Saria 1000 eurokoa izango da eta irabazlea hurrengo urteko Zinegoakeko itxiera ekitaldian proiektatuko da.
Antolatzaileek esan duten moduan: “Trans ahotsak entzun nahi ditugu eta mundua haien begietatik ikusi. ZiNaizen programarekin, zinemaren bidez hausnarketa, elkarrizketa eta adierazpena uztartuko dituen espazio bat sortu nahi dugu. Trans haurtzaroekiko errespetua eta sentsibilizazioa sustatu nahi ditugu. Gainera, sormena eta talentua bultzatu nahi ditugu, gai horiei modu zirraragarri eta originalean heltzera animatuz”.