Nontzeberri

“Zimurrak”, narrazio hunkigarri bat

Zimurrak albumak Komikiaren Sari Nazionala bereganatu zuen 2008. urtean eta 58.000 ale baino gehiago saldu ditu.

Komiki eder honetan, orain euskaraz duzuena, “Alzheimer krisi bat izan du Emiliok –bankuko exekutibo izandako gizona–, eta familiak zaharren egoitza batera eraman du. Han jende berria ezagutuko du; bere adineko kideak –nor bere ezaugarri klinikoekin eta bere nortasun propioarekin– batetik, eta zaintzaileak, bestetik, eta Emiliok haiekin bizitzen ikasiko du. Emilio egunerokotasun geldoan murgilduko da, ordutegi finkoek markatutako errutinari lotuta: botikak hartzeko ordua, siesta, jatorduak, gimnasia, oheratzeko ordua… Migel gelakideak lagunduko dio gaitzaren kontra borrokatzen, memoria ez galtzen ahalegintzen, azken solairura, ezinduenera, eraman ez dezaten”.

Paco Roca egile adituak Zimurrak lanean, Alzheimer gaitza eta zahartzaroko dementzia tratatu ditu modu eder eta hunkigarri batean, tarteka umore ukituren batekin, baina sekula karikaturan erori gabe.

Atzo, irailaren 21ean, Osasunaren Munduko Erakundeak eta Nazioarteko Alzheimer Federazioak Alzheimerraren Munduko Eguna ospatzeko aukeratutako data da. Erakunde hauek zabaldu dituzten datuak ikaragarriak dira: munduan 24 milioi pertsonek pairatzen dute dementzia hau eta heriotza eragiten duen laugarren kausa da. Oraingoz sendabiderik ez duen eritasun honek bizitzaren alde iluna erakusten du. Dena galtzen da, baita izan zarena ere.

Exit mobile version