Etxepare sarian aurkeztu dira 23 lanen artean, Isaak Martínezen eta Liébana Goñiren Zerua gris dago izeneko albumak irabazi du aurtengo saria. Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, udazkenean.
Obra honetan honakoa kontatu nahi da: “Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa da. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere. Elur artean denbora aurrera doa, baita haien arteko erlazioa ere”.
Epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute, eta hauen iritziz, “Albumean adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila. (…) Testuaren eta irudiaren oreka nabarmendu nahi dugu, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela.”
Isaak Martinez Haur Hezkuntzako maisua da gaur egun eta Uharten bizi da. Aspaldidanik lagunentzako edo bere buruarentzako ipuinak edo olerkiak egiten ditu.
Liébana Goñi 2009an Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Diseinu Grafikoan eta Publizitate Artistikoko Zuzendaritzan espezializatu zen. Ilustrazioarekin zerikusia duten jardueretan parte hartu du, bai bakarka edota Y Peluda kolektiboaren partaide bezala. 2015ean Ilunean Argi argitaratu zuen (Denonartean), berak idatzitako eta ilustratutako haurrendako bere lehenengo album ilustratua. Urte berdinaren bukaeran, bere bigarren albuma aurkeztu zuen Malko izenburuarekin.