Juan Garziak itzulitako William Shakespeareren sonetoak dira Zeru Horren Infernuak ikuskizunaren muina. Dama iluna, jaun gazte argia edo poeta maitalea izango dira protagonistak ordu eta erdiko ikuskizun honetan, eta bertan, Joxan Goikoetxea, Olatz Prat, Txema Garcés eta Iosune Marín bilduko dira. Gaur entzun ahalko dira sonetoak, Iruñeako Civivox Condestablen, 19:30ean.
Shakespeareren 154 sonetoen hautaketa zabal bat proposatzen du Joxan Goikoetxeak musikariak adaptazio honetan, musika, hitza eta dantzaren bidez. Amodioaren aldarteei buruzko 154 bariazio, argi eta itzal, parerik gabeko idazlearen eskutik.
“Shakespeareren lanen bertakotze-maila omen da kultura baten garapenaren neurrietariko bat. Sonetook lirikaren gailurrik bikainenetarikotzat jotzen dira, eta kultura gertakari handitzat hartzen dira obra hori beste hizkuntza batera ekartzeko saioak. Sortu berritan heldu zion Mikel Laboa Katedrak proiektu honi, testuarekin batera euskal kulturako bestelako arte hizkuntza batzuk ere hitzezko hizkuntzaren jai honetara gogatzeko ametsaren atzetik, eta edizio eder bat apailatuaz 2014 urtean”.