Bilboko La Fundicion aretoak antzerki denboraldia itxiko du Zer(K)nias zikloarekin. Asteburu honetan, euskal sortzaile esperimentalenak eta arriskutsuenak ikusteko parada egongo da.
Egunotan, Deustuko antzokiak Amaiur Maciasen desioari buruzko performance bat hartuko du, Paula Valluercaren barregarritasunari buruzko bakarrizketa zentzugabe bat eta Carla Róisínen ikuskizuna, dantza, bideo-instalazioa eta musika uztartzen dituena.
Diogun moduan, ostiral honetan, ekainak 6, Amaiur Maciasen Organorik gabeko gorputz baten orroak euskarazko performancea estreinatuko da. Desioari eta nahiari buruzko euskarazko performanceak La Fundicionen laguntza izan du bere garapen prozesuan, aretoan izandako egoitza artistiko bati esker.
Larunbatean, ekainak 7, Paula Valluerca gasteiztarrak sortutako Madame Señorita konpainiaren txanda izango da. Berak HERZ. Desde lo más profundo de la patata lana ekarriko du. Mitologia klasikoko heroiaren itzulerak inspiratuta eta clown-aren hizkuntza berrinterpretatuta, pieza hau bakarrizketa zentzugabe bat da.
Azkenik, ekainaren 8an, Carla Róisínek La montaña del diablo egingo du. Dantza eta bideo-instalazioaren arteko proposamena da, performancearen eta kontzertuaren artekoa ere bai, Baselineren (Pilar Baizán) zuzeneko musika elektronikoa duena.