El extraño dantza garaikideko sorkuntzaren bidez galdera hauei, zer da etorkina izatea? Zer esan nahi du atzerrikoa izateak beste herri ezezagun batean?, erantzuteko ahalbidea izango duzue, gaur berton, martxoaren 22an, 19:00etan, Bastero Kulturgunean.
Obrak “etorkinek duten sentsazio eta bizipenak biltzea nahi du, migrazioaren zergatia edo jatorria alde batean utzita. Ez da migrazioa epaitzeko begirada kritikoa, baizik eta norbanakoaren barneko begirada: bakardadea, herrimina, nahia, herstura eta berlokalizazioa. Gorputzak, espazioak eta harremanak, galerak eta irabaziak, hutsa, urduritasuna eta desoreka, galderak eta hondakinak”.
2016an emandako lehen urratsen ondoren, 2017rako jarraipena izan zuen Dantzaz Konpainiaren eta Bastero Kulturgunearen arteko hitzarmenak. Jarduera desberdinak burutu ondoren, 2018an ere Andoainen izango dira Dantzaz taldeko dantzariak (Pauline Bonnat, Araitz Lasa, Ioritz Galarraga, Thijs Hogenboom, Juliana Javier, Miren Lizeaga, Fernando Luis, Jean-Baptiste Prieur-Capdevielle, Iker Rodriguez, Teresa Royo, Iker Sanz eta Olaia Valle), eta ostegun honetan, El Extraño sorkuntzaren aurkezpena izango dute, John Gerena kolonbiarrak sortutako obrari esker.
John Gerena Torontoko York University-n koreografia eta dramaturgia ikasia da, eta L’Explose konpainian aritu zen 1998 eta 2014 artean. Obra ezberdinak sortu ditu, oso estetika berezian, bere esanetan, “dantza instalazioak”. Gaur egun, koreografo independentea da, eta sorkuntza oso bisualak egiten ditu, beste arte diziplinekin oso loturik.
