Zirtak su I. Hasieran bazen hitza (Alberdania) kaleratu du Maite López Las Heras idazlea, poeta eta itzultzaileak.
Lan hori eleberri historikoa da, egiazko gertakizun batean oinarritua, egiazko pertsonaia bat protagonistatzat duena: Egeria, mendebaldeko lehen emakume bidaiaria eta idazlea. Guregana heldu diren testuetatik abiatuta, Maite López Las Herasek IV. mendeko emakumearen bidaia luzea kontatzen digu, Gallaeciatik Lur Santuraino. Ibilbidean zehar protagonistak biziko dituen gorabeherak ugariak eta erakargarriak izango dira, orduko testuinguru nahasi eta berezian kokatuak, Erromatar Inperioaren gainbeheran eta Kristautasunaren hastapenetan, hain zuzen.
Lan horretan ere zentsura gaia izango da ardatzetako bat. “Erdi Aroko kopista desberdinen lana eta bizimodua ezagutu ahal izango ditugu, Egeriaren lanaren zein zati eta zein ez kopiatu erabakiko dutenak, nolabait ere guregana heldu den testigantzaren zergatia azalduko digutenak”.
Maite López Las Herasek (Azkoitia, 1985), 2022an argitaratu zuen Amatu, amatasunari buruzko kronika ez ohiko bat, ama izatearen argiak eta ilunak ekartzen zituena. Itzultzaile gisa, aldiz, mundu klasikoan zentratu da: Saforen poesia guztia ekarri du euskarara, edo tradizio grekolatindarreko emakume poeten bilduma bat. 2022an argitaratu zuen euskaraz Ibilbidea, Egeria izeneko bidaiari eta idazlearena, zeinean nolabait jatorria duen orain aurkeztu duen liburuak.
Lan honen ostean liburu gehiago etorriko direla, izan ere trilogia baten hasiera da.
