Nontzeberri

Zea Maysek gaur aurkeztu du bere seigarren lana

Orain arte sei disko plazaratu eta lau diskoetxerekin lan egin eta gero, talde bizkaitarrak azken lan hau autoekoiztea eta dendetan ez saltzea deliberatu du. Izan ere, diskoa urria eta azaroa bitarte egingo duten biran salduko da kontzertuetako sarrerarekin batera. Horrela, banaketa "pertsonalagoa eta zuzenagoa" izango da. Izan ere, taldeak lau hilabetetan disko denak saltzea espero du.
Eta abendutik aurrera zer gertatuko da banaketarekin, Internet bidez salduko duzue? galdetu du ekitaldian izan den kazetarietako batek."Ez dakigu zer egingo dugun, hasiera batean banaketa horrela izango da: kontzertuetan, eta Durangoko Azokan Bonbereneako standean, eta gero, ez dakigu Interneten bidez edo nola salduko dugun", azaldu du Iñaki gitarra jotzaileak.

Hala, Era kontzertuotan eskuratu ahal izango da: urriaren 16an Ondarroa Kafe Antzokian, eta 22an Gasteizko Gaztetxean. Azaroari dagokionez, 5ean Ziburun, Gaztetxean izango dira; 6an Bilboko Kukutzan; 13an Tolosako Bonberenean; 26an Donostiako Dokan; eta 27an Durangoko Plateruenan.

Diskoaren edukiari dagokionez, Aiora abeslariak esan du izenburua aipatuz, kantuak idazteko eta grabatzeko eran jarri dutela ahalegina, "zer baino garrantzitsuagoa baita era". Eta lan egiteko modua erabat naturala izan dela nabarmendu du, "konplexurik gabe, pentsatu gabe atera da". Izan ere, orain taldekideak "zabalagoak" dira musika entzuterakoan eta konposatzerakoan.

Naturala ez ezik, Era lagun arteko diskoa da. Hala, hainbat musikarik konponketetan lagundu dute, "aurrekoa, Morphina, lan sikuagoa zen, konponketa gutxi zeuden, orain asko daude teklatu, ahots eta gitarretan", azaldu du Aiorak. Esaterako, teklatu eta programazioetan, Raul Lomas (Doctor Deseo), eta Aritz Aranburu eta Izkandar Rementeriak (Split 77) parte hartu dute. Diskoa Jose Lastrak grabatu du, ohi den bezala, Mungiako Lamiak estudioetan, eta Tony Cousins ingelesak masterizatu du Londresen, zeinak, besteak beste, Massive Attack eta Peter Gabrielekin lan egin duen, eta masterisatzaile onenaren saria eskuratu duen oraintsu Ingalaterran.

Nontzeberri

Exit mobile version