Nontzeberri

“Zazpi aldiz elur” lana Musikaire Jaialdian

Elorrioko Musikaire Jaialdiaren XVII. edizioa uztailaren 4an hasi zen. Mota askotako ikuskizunak pasatu dira honezkero Elorrioko jaialditik: Carmen Souza, Hasier Oleaga Quintet ; Begoña Quiñones eta Mar Rodríguez dantza konpainia Fetch lanarekin; Lasala konpainia Hookedstill obrarekin; eta Ai Do Project konpainia eta bere Dingzihu izeneko lana; Habib Koitéren kontzertua; Antonio Zambujo; Jabier Muguruza kantari euskalduna; Kepa Junkera; Manel taldearen kontzertua; eta Elkano Browning Cream musika taldea.

Aste honetan, Elfenthal taldearen The blue elf’s dream izeneko opera-rock ikusgarria antolatu da (uztailak 25), eta eszenaren inguruan Tanttaka Teatroaren Zazpi aldiz elur eta Pez Limbo taldearen Mikro Teatro lana (uztailaren 26 eta 27) egongo dira.

Tanttaka Teatro konpainiak Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan) izenburuko diziplina anitzeko ikuskizuna egingo du. Proiektuak Atxagak Erlea aldizkarian idatzitako Laboari buruzko Zazpi aldiz elur izeneko testuan du abiapuntu. Hala, obran poesia, musika eta antzezpena uztartzen dira. Horrekin batera, azpimarratu behar da Zumetak egin duela ikuskizunaren kartela. Musikari dagokionez, Laboaren eta beste artista batzuen piezak tartekatuko dira.

“Zazpi Aldiz Elur (Mikel Laboa Elurretan), lagun arteko bilgune baten antzeko zerbait da; denok daukagu, gure gogoan neguko gau elurte batean bizi izandako pasadizoren bat seguruenik; leihoetatik sartzen den argi-zuriaren reflejoak adierazten digu elurrez inguraturik gaudela…”, diote kideek

Ikusgarria Iñaki Salvador (pianoa), Angel Unzu (gitarra), María Berasarte (ahotsa), Mireia Gabilondo (zuzendaria eta aktorea), Iñaki Rikarte (aktorea) eta Bernardo Atxagak (testua) ondu dute.

Exit mobile version