Patata Tropikala konpainiak Zapata gorriak lana taularatuko du igandean, martxoak 17, Bilboko Teatro Campos Eliseos Antzokian. Bi emanaldi izango dira, 12:30ean eta 17:00etan. Ikuskizuna hiru urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta dago.
“Zapatari batek zapatak saltzen ditu, baina ez dira zapata arruntak, ezin ditu edonork jantzi, ausarta, sentibera eta burua erabiltzen jakin behar du zapata hauek jantziko dituenak… Amets gure protagonista, zapatak jantziko ditu eta izugarrizko abenturan murgilduko da. Bertan, Rem ametsen munduko atezaina, ezagutuko du. Honek, ametsen mundua arriskuan dagoela ohartaraziko dio. Amets, gaiztoen makinatik salbatu beharko gaitu Lo aztia aurkitzen duen bitartean. Bestela guztiok hemendik aurrera irudimena galduko dugu eta robot eta makinetan bihurtuko gara, lortuko al du?”.
Patata Tropikala antzerki konpainia Bartzelonan eratu zuten Judith Povesek eta Iker Etxarrik 2008. urtean. Egun, Irunen dute euren egoitza. Harrezkeroztik, euskarazko bost lan ekoitzi dituzte: Baso sorgindua, Mendiko altxorra, Amona Joxeperen istorioak, Pirata Garrapataren abenturak eta Zapata Gorriak.