Gaur, maiatzak 12, 20:00etan, eta Zallako Musika Astearen barruan Neomak taldea arituko da, tradiziotik abiatuta bide berriak urratzen dituen taldea.
Taldean zazpi kide daude, zazpi emakumeren ahotsak, eta beti ere pandero eta dantzekin inguraturik. “Txikitandik musikan jardun duten zazpi emakume, aurrez Kepa Junkerarekin Sorginak izenpean jardunak, eta orain proiektu berrian.” Etenaldi baten ostean, suaren garrak irauten duela ohartu eta, ilusio handiz, proiektu berri bat jarri zuten martxan: Neomak.
Lan homonimoa atera du taldeak, Neomak izenarekin. Esanahia grezieratik dator, ilargi berria esateko. Disko hau 2022ko martxoan grabatua izan zen Haritz Harreguy Studio-n, Haritz Harreguy eta Alejandro Jimbo Páez-en produkziopean. Abesti guztiak Neomak taldekideen sorkuntza dira: Alaitz Eskudero Unanue, Amets Ormaetxea Ezpeleta, Eneritz Aulestia Mutiozabal, Garazi Otaegi Lasarte, Irati Gutierrez Artetxe, Leire Etxezarreta Learreta eta Maria Lasa Hilario.
Eurek nahi dutena sortu egiten dute, eta trikitixa tradizionala elektronikarekin bustitzen dute. “Tradiziotik datozen kontu zaharrak, kanta berri bilakatu eta zuen barrenak astintzera gatozen zazpi emakume gazte gara. Gure lehen diskoa izango denaren aurrerapen kanta honekin, kontzertu soil bat ez ezik, ikuskizun osatu bat eta zentzumen guztiak dantzan jarriko dituen esperientzia bereizgarri batekin gatoz.”